jueves, 29 de agosto de 2013

ez atzera ez aurrera, nora noa? 
zenbatetan burura galdera hori...
jende berria ezagutu, ilusio berriak piztu
eta zaharrak ahaztu.
pazientzia izan, denborak errespetatu, 
besteenak, baina norberarenak ere bai.
hainbeste galderen artean itsututa,
benetako nahiak ikusteko begiak itxita,
galtzea plazer hartuta.
pentsamenduak erabat bideratu, 
ingurukoen desioetara, 
ingurukoak emateko prest daudenera,
bitartean, jasotzeko beti prest.
moldagarritasuna ona da, bai, 
baina horrek arazo bat planteatzen du,
besteentzat bizi zara? 
zer egiten duzu zeuretzat?
konpromisua zeure buruarekin baino 
errazagoa egiten zaizu gainontzekoekin hartzea
bukatu da, ez, hasi.

domingo, 21 de abril de 2013

Badira lanerako behar luketen egun asko, urtean zeharreko gehienak. Aurtengo gehienak, ordea, ez ditut behar luketen horretarako erabili. Eta ez naiz gaizki sentitzen horregatik, normalean. Agian kulpa sentimendua izan behar nuke, baina, alfer-alferrik litzateke. Egin behar nukeena egin gabe eta gainera gaizki sentitu behar. Zergatik espero da gugandik zerbait konkretua beti? Ezin dugu erabaki zer eman edo jaso nahi dugun?
Ikasten bagabiltza, kurtsoz-kurtso garbi pasa behar gara, guztiok; bestela, ez dugu maila ematen, ikasle txarrak gara. Etxeko-andreak bagara, gure haurrek gizarteak onartzeko behar duten guztia aurreikusi eta eskaini behar diegu, guztiok; bestela, ez dugu maila ematen, guraso txarrak gara. Eta horrela dugun edo jartzen diguten zeregin bakoitzarekin.

jueves, 11 de abril de 2013

iuuufa

Eztanda txikiak nabari ditut etengabe bihotz aldean...Ez dakit fisikoki zer gertatzen ari den hor barruan, baina irribarre etengabea marrazten zait aurpegian, pentsatzearekin... Urduritasuna, emozioa, nahasi eta sekulako koktela egiten dute, nire zainetan barreiatuz. Aspalditxoan ezkerreko begia ere urduri dabil eta noiznahi asten da dardarka, deseroso balego bezala nire begizuloen gainean. Emozio zurrunbilo honen ondorio izango da agian. Egoera surrealista dela esan didate, horrelako gauzetan ni bezalakoak sartzen direla, eta zer esango dizut, ba pozik nagoela ni bezalakoa izateaz!

miércoles, 10 de abril de 2013

Bai edo ez


Ez dugu zalantzarako eserlekurik. Gauzak argi dituzu edo argi dituzu. Ez dago beste aukerarik. Beti argitasuna eskatzen, exijitzen askotan. Zalantzak ahultasun zeinu izaten jarraitzen du. Edo abertzalea zara edo ez. Edo nire alde zaude edo kontra, ez da besterik. Edo arrazista zara edo ez. Aktiboa edo pasiboa, baina bietako bat. Bazara edo ez zara?
Mugak oso argi daude, nonbait, askorentzat. Bada, nik ez ditut argi ikusten sarritan. Edo agian ezarrita dauden muga horiekin ez naiz identifikatzen. Ez ditut leku berean kokatzen eta horregatik sentitzen naiz lekuz kanpo baino gehiago, lekutu gabe. Ez naiz zehaztasunez puntu batean ikusten, eta jendeak ingurukoak puntu konkretuetan kokatzeko beharra duelako sentsazioa dut. Ez da eroso sentitzen ‘deslokalizatuta’ duen jendearen inguruan. Zure radiografia ideologikoaren beharra dute onartu edo ez onartu erabakitzeko. Merezi du edo ez pertsona hau ezagutzeak? Begira diezaiogun fitxa eta erabaki dezagun.
Guztiok izango dugu momenturen batean antzeko jarrera eta baztertuko dugu ezagutu aurretik topaturiko jende ugari. 

jueves, 14 de febrero de 2013

...

Beti sentitzet dut beharra buelta bat gehiago emateko, ongi pasatzen ari naizen momentu hori apur bat gehiago luzatzeko. Baina gaur, ez didate utzi, erregutu egin diet eta ezezkoak jaso ditut, errenditu naizen arte. Nire jarrera ume moko batena da oraintxe bertan, euren ezezkoaren aurrean muturra eta desadostasuna agertu ditut. Hau idazten ari naizen bitartean, ordea, eurak pentsatu dute berezia den norbaiti ari nintzaiola, uste nuen hobeto ezagutzen nindutela. Baina inoiz ez da berandu horrelakoetaz ohartzeko, beti nahi dena lortzen ez dela ohartzeko ere.

lunes, 4 de febrero de 2013

Maitti!

Banekien nik denbora bat hartuko nuela berriz idatzi aurretik, eta ez zer esanik ez nuelako, alde batetik besterako bidaian ez zegoen hemen mereziko zuen geldialdirik egiteko astirik. Baina gaur badut astia neure burua harritu duen jokabidea aurkezteko.
Maite zaitudala esateko beharra sentitu dut gure amaieran. Zuk jakitea behar bazenu bezala, baina zuk bazenekien, nik askotan esan ez banizun ere. Bada, azken momentu horietan ohartu naiz bestelako zalantza guztien gainetik maite zaitudala.
Pare bat aldiz esan ondoren 'kursia' dirudi, baina lagunek esaten digutenean zein errez etortzen den irriparre lotsati hori aurpegira.
Hemen esaten dizuet: maite zaituztet, baina irakurriko ez duzuenez ziur egon egun hauetako batean entzungo duzuela.
Ea zuei ere irriparretxo bat ikusten dizuedan, garai hauetan inguratzen zaigun ezkortasuna apur bat baikortuz. :-)

miércoles, 2 de enero de 2013

gaur

Gaur irekiko dut, zalantzati. Ez dakit oraindik barrurantz edo kanporantz, litekeena da ohartzerako bietara zabalik egotea. Helburua? ez da helburu jakinik, irten dadila beharra duena eta sartu ere sar dadila. Ez da ezer jakinik oraingoz, ez dakit hemendik pare bat astera idatziko dudan berriz ere, balitekelako ireki dudala ahaztea, baina sortarazten dit halako zirrara lehen esaldiak idazteak.
Baliteke zalantza hauek eta beste hainbat argitzea burutik igarotzen zaizkidan horiek irakurriz idazten ditudan heinean, edo ez.

Esandakoak izango dira, baina ziurrago, esan gabekoak.